Aurkezpena_
Dxusturi teatroaren aurreko aurkikuntzetako bat izan zen Karramarroa pertsonaia. Karramarroa 50 urteko emakume bat da, bitxia, mihiluzea, zorrotza eta zirtolaria.
Hemen aurkezten dugun Lakoste antzezlanean jarraipena eman nahi izan diogu jokalaria eta pertsonaiaren artean kokatzen den izaki berezi honi.
Oraingo honetan Karramarroak ikuslegoa begietara begiratuko du zuzenean harekin hainbat gai partekatzeko: estralurtarrak, artistak, familia estandarra, krokodiloak, menopausia...
Humore absurdoak zein beltzak, kritika sozialak eta ironiak zipriztintzen duten proposamen hau egituratu dugu ikuslegoarengan barrea eta hausnarketa aldi berean sortarazteko asmoz...
Testu laginak_
“Aldaketa abian da. Froga zientifikoetan oinarrituta baieztapen hau egin dezakegu hemen eta orain: hilabete batzuen buruan Ganimedes eta Raticulinetik etorritako zoro andanek hartuko dute lur planeta.”
“Txikitan ez nuen ingurukoez tutik ulertzen eta horrek paralisi egoeran uzten ninduen; gogortuta, isilik, mutu. Munduaren konplexutasuna ulertzeko gai nintzen baina hurkoek eragiten zuten erabateko harridura nigan.”
“Hor dago. Arretaz begiratuz gero erraz nabarmentzen da. Bazter horretan. Ikusten duzue? Hor. Aste osoa darama nire buru gainean zikoina ilun baten gisan hegan.”
“Zotz! Hostixa! Kaguendana! Nik ere sarritan izaten dut norbait txikitzeko gogoa. Nor txikitu? Ez da azkarra zu baino boteretsuagoekin aritzea. Batez ere eskura bazterrerago kokatzen duzun gorputzen bat baldin baduzu. Olatu moduan funtzionatzen du edo nork nor-aren antzean: hark ni, nik zu, zuk hura eta berriz hastera.”
Irratia_
Piperpolis: Eneritz Artetxerekin solasean “Lakoste” antzezlanaz